XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gurutzearen mezua, galtzen direnentzat zorakeria da; guretzat, Jaungoikoaren indarra.

San Paulo Apostoluak Korintotarrei. Senideok: Judutarrak ezaugarri-eske dabiltza; greziarrak, jakinduri-billa; guk, berriz, Jesukristo gurutz-iltzatua erakusten dugu, judutarrentzat beaztopa dena eta greziarrentzat zorakeria; baiña deituentzat naiz judutar izan, naiz greziar Jaungoikoaren indar eta Jaungoikoaren jakinduria den Kristo.

Jaungoikoaren zorakeria, gizonak baiño jakintsuago bait da; eta Jaungoikoaren auleria, gizonak baiño indartsuago.

Begira zuen kristau-batzarrari.

Gutxi dira zuen artean jakintsuak; gutxi, aaltsuak; gutxi, aundizkiak.

Jaungoikoak munduko zoroak aukeratu ditu, jakintsuak lotsarazteko; eta munduko argalak aukeratu ditu Jaungoikoak, indardunak lotsarazteko; eta munduko arlote eta baztertuak aukeratu ditu Jaungoikoak, eta ezerezak, zerbait direnak ezerezteko; iñor arro ez dadin Jaungoikoaren aurrean.

Ari eskerrak zaudete zuek Kristo Jesusengan.

Jaungoikoak Kristo au guretzat jakinduria egin bait du eta zuzenbide, eta gaiñera santutze eta erospen.

Orrela, Liburu Santuak dioen bezala Iñor arrotzekotan, Jaunagan arro bedi.

San Paulo Apostoluak Korintotarrei. Senideok: Ezkongabeentzat ez daukat Jaunaren agindurik.

Ala ere, emango dut ortaz nere iritzia, Jaungoikoaren errukiz leiala naizen ezkero.

Gaiñean dugun bearrarengatik, ongi derizkiot oni; ongi derizkiot, bakoitza dagoen bezala egoteari.

Emazteari lotua al zaude? Ez ibilli askatze-billa.

Emazteari lotu gabe al zaude? Ez ibilli emazte-billa.

Ala ere, ezkonduko baziña, ez zenuke gaizki egingo.

Neskatxak ere, ezkonduko balitz, ez luke gaizki egingo.

Olakoak, ordea, aragi-nekeetan gertatuko dira; eta nik olakorik gabe nai zaituztet.

Ara zer esaten dizuedan, senideok: Bizitza laburra da.

Beraz, emaztedunak, emazterik ez balute bezala bizi bitez; negarrez daudenak, negarrez ez baleude bezala; pozik daudenak, pozik ez baleude bezala; erostunak, jabe ez balira bezala; eta mundu ontaz baliatzen direnak, baliatuko ez balira bezala.

Ieskorra bait da mundu ontako iduria.

Zuek kezkarik gabe bizitzea naiko nuke nik.

Ezkongabeak Jaunaren gauzetan du ardura, nundik Jaunari atsegin emango; emaztedunak, berriz, munduko gauzetan du ardura, nundik emazteari atsegin emango, eta bitara dago.

Emakume senargabeak eta neskatxak Jaunaren gauzetan du ardura, gorputz eta anima Berarentzat izateko.

Senardunak, berriz, munduko gauzetan du ardura, nundik senarrari atsegin emango.

Au zuen onerako diot, ez zuei sare bat jartzeko; gauza on batera bultza naiez esaten dizuet, orrela eragozpenik gabe Jaunari lotu zakizkioten.

Kristogan aukeratu gintuen Jainkoak, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen.

San Paulo Apostoluak Efesotarrei. Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita, Espirituaren era guztietako bedeinkapenez, zeruan Kristogan bedeinkatu gaituena.

Arengan aukeratu bait gintuen, mundua sortu baiño leen, bere aurrean, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen.

Aurrez aukeratu gintuen bere seme-orde izateko, Jesukristoren bidez, bere naiaren onberatasunez; (...).